[index]
navarro-labourdin (1999)
1 Korintoarreri 13
1 Jendeen eta aingeruen hizkuntzez mintzaturik ere, maitasunik ez badut, brontze
dulundaria edo zinbal burrunbaria baizik ez naiz.
2 Profezi dohaina, misterio guzien eta munduko jakintza guziaren ezagutza, bai
eta mendiak lekuz aldatzeko fedea ukanik ere, maitasunik ez badut, deusik ez naiz.
3 Dutan guzia behartsuen artean partekatu eta neure gorputza erretzera emanik
ere, maitasunik ez badut, hori deusetako ez dut.
4 Maitasuna jasankorra eta laguntza emailea da; ez da bekaiztia, ez ahoberoa,
ez urguluntzia.
5 Ez da ahalgegabea, ez berekoia, ez haserrekorra; ez du herrarik atxikitzen.
6 Zuzengabekeriak ez du bozkariatzen, egiak du bozkariatzen.
7 Maitasunak dena barkatzen du, dena sinesten, dena igurikatzen, dena jasaiten.
8 Maitasuna betiko da. Profezi dohaina itzaliko da, hizketa arrotzez mintzatzea
ixilduko, jakitatea ere itzaliko.
9 Erdizkakoa baita orai gure jakitatea, erdizkakoa gure profezia;
10 bainan betearen betea etorriko denean, erdizkakoa itzaliko da.
11 Haurra nintzenean, haur eleak nituen, haur-asmoak, haur arrazoinak. Gizondu
naizenean, haurkeriak utzi ditut.
12 Orai nabar ikusten dugu, mirailan bezala; egun batez aurpegiz aurpegi ikusiko
dugu Jainkoa; orai erdizka ezagutzen dut; egun batez berak ezagutzen nauen bezala
ezagutuko dut.
13 Hiru gauza ditugu oraidanik, iraunkor direnak: fedea, esperantza eta maitasuna;
bainan horietan handiena maitasuna.
[index]