[index]
euskara batua (1994)
1 Korintoarrei 13
1 Nahiz eta gizakien eta aingeruen hizkuntzez hitz egin, maitasunik ez badut,
brontze soinulari eta ezkila tintinlari besterik ez naiz.
2 Nahiz eta profezi dohaina izan, nahiz eta misterio guztiak eta munduko jakintza
guztiak ezagutu, bai eta mendiak lekuz aldatzeko adinako sinesmena izan, maitasunik
ez badut, ez naiz ezer.
3 Dudan guztia behartsuen artean banatu eta neure gorputza erretzeraino emanik
ere, maitasunik ez badut, ez naiz ezer.
4 Maitasuna eraman onekoa eta bihozbera da; ez du bekaizkeriarik, ez handiusterik,
ez harropuzkeriarik.
5 Ez da lotsagabea, ez berekoia, ez haserrekorra; kaltea ez du gogoan hartzen.
6 Ez da bidegabekeriaz pozten, baizik eta egian pozten da.
7 Maitasunak dena barkatzen du, dena sinesten, dena itxaroten, dena ongi eramaten.
8 Maitasuna ez da behin ere itzaltzen. Profezi dohaina desagertu egingo da,
hizketa arrotzez mintzatzea amaituko, ezaguera ere amaituko.
9 Erdizkakoa baita orain gure ezaguera, erdizkakoa gure profezia;
10 eta, bete-betekoa iristean, desagertu egingo da erdizkakoa.
11 Haur nintzenean, haur bezala mintzo nintzen, haur bezala sentitzen nuen,
haur bezala juzgatzen. Gizon egin naizenean, utzi egun ditut haur-gauzak.
12 Orain dena ilun ikusten dugu, ispiluan bezala; gero aurrez aurre ikusiko
dugu; orain erdizka ezagutzen dut; gero oso-osoan ezagutuko dut dena, Jainkoak
neu ezagutzen nauen bezala.
13 Hiru gauza ditugu oraindanik, iraunkor direnak: sinesmena, itxaropena eta
maitasuna; baina hiruretan handiena maitasuna da.
[index]